Edukira joan

Design thinking

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zer da Design thinking? (Ingelesez) Example video that presents design thinking for innovation in business and society as a process of "Learn from People, Find Patterns, Design Principles, Make Tangible and Iterate Relentlessly"

Design thinking (euskaraz diseinu-pentsamendu modura itzultzen den terminoa) diseinatzaileek diseinu-prozesuan aplikatzen dituzten diseinu kognitiboaren aktibitate multzoari deritzo.

Terminoaren sorkuntza eta bilakaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1969. urtera arte, diseinua ez zen “pentsatzeko modutzat” hartu zientzia-arloan. Baina hau aldatu zen Herbert A. Simon-ek The Sciences of the Artificial [1] liburua argitaratu zuenean. Diseinu-ingeniaritzara, berriz, 1973an heldu zen Experiences in Visual Thinking [2] (Robert McKim ) liburuarekin. 1987. urtean, Peter Rowek Design Thinking [3] liburuan arkitektoek eta hirigileek erabilitako metodoak eta ikuspuntuak azaldu zituen, diseinu-azterketen literaturan design thinking terminoaren erabilpen aurreratua izan zelarik.

Aurrerago, 1980tik 1990ra arteko epean, McKimek egindako lana jarraitu zuen Rolf Fastek Stanford-ko unibertsitatean. Bertan, “design thinking” sormena garatzeko erabili daitekeen metodo bat dela irakatsi zuen. David M. Kelley izan zen design thinkinga xede komertzialentzat erabili zuen lehena; horrez gain 1991. urtean IDEO diseinu-kontsultoria famatua sortu zuen. Azkenik, 1992an Richard Buchananek “Wicked Problems in Design thinking[4] artikulua argitaratu zuen design thinking kontzeptuaren ikuspuntu zabalago bat eskainiz. Horrek diseinuaren mugak zabaldu zituen, gizakiak eduki ditzakeen arazo eta kezkak jorratuz.

Konponbidetan oinarritutako pentsamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konponbideak sortu eta arazoentzat irtenbide praktiko bat lortzen duen metodoa da “Design thinking”. Konponbidean oinarritzen den pentsamendua da. Arazo espezifiko bati erantzuna eman ordez, helburu zehatz bat du abiapuntu: etorkizuneko egoera hobetzea hain zuzen. Arazoak izan ditzakeen baldintzak kontuan hartzen dituenez, aldi berean hainbat konponbide aztertu ditzake.

Design thinking” delakoa metodo zientifiko-analitikotik aldentzen da, lehen honek konponbide bat aurkitu baino lehen arazoak dituen parametro guztiak definitzen ditu. Design thinking metodoak alderdi ezagunak eta zehaztugabeak aztertzen ditu, bide desberdinak eta parametro ezezagunak aurkitzeko asmoz, horrela irtenbide hobe bat lortzeko. Izan ere, prozesu interaktibo bat da, bitarteko “konponbideak” bide-hautabideen abiapuntutzat har daitezke. Halaber, hasierako arazoa berriro definitu daiteke.

Analisia eta sintesia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Design thinking metodo formalaren helburua erabakitasun praktikoak eta kreatiboak sortzea da, hala, etorkizunean konponbide hobeak lortzeko. Helburu bat abiapuntutzat hartu eta konponbideetan zentratzen den pentsatzeko era bat da, ez du arazo zehatz bat soilik konpontzen. Arazoaren baldintzak eta parametroak kontuan hartzen dituenez, aldi berean hainbat konponbide aztertu daitezke.

Pentsamendu dibergentea eta konbergentea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahalik eta konponbide gehien aztertzeko, pentsamendu dibergentea erabiltzen da hasierako fasetan. Ondoren, pentsamendu konbergentea aplikatzen da konponbide guzti horiek soluzio bakar batean biltzeko. Pentsamendu dibergentea ideia desberdin eta bakarrak sortzeko gaitasuna da. Pentsamendu konbergentea, berriz, zehaztutako arazoarentzat konponbide “onena” lortzeko gaitasuna da. Design thinking pentsamendu dibergentea bultzatzen du, konponbide asko lortzeko asmoz, eta, gero, konponbide onena aukeratzen da pentsamendu konbergentearekin.

Design thinking” arazoak konpontzeko prozesua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pentsamendu analitikoa ez bezala, design thinking metodoan “ideien ekaitza” deituriko fasean mugarik gabeko ideia-sorkuntza egiten da. Horri esker, partaideen porrotarako beldurra murrizten da. Gainera, informazioa lortzeko iturri gehiago aurkitzen dira. Ideazio-fase honi “kutxa kanpoko pentsamendua” deritzo.

Design thinking prozesuan honako etapak agertzen dira: definizioa, bilaketa, ideiagintza, prototipoak, hautaketa, inplementazioa eta ikaskuntza. Prozesu honetan zehar arazoak agertzen dira, ideiak sortzen dira eta soluzio onena bilatzen da.

Design thinking metodoak ezaugarri komun batzuk dauzka: kreatibitatea, lantaldea, kuriositatea, baikortasuna eta enpatia.

Design thinkingaren ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Christoph Meinelek eta Larry Leiferrek “design thinking” kontzeptua lau oinarritan banatzen dela adierazi dute.

  • Giza legea – diseinuarekin erlazionatuta dauden ekintzek oinarri soziala daukate.
  • Anbiguotasunaren legea – diseinatzaileek anbiguotasuna erabiltzen dute.
  • Birdiseinuaren legea – diseinu guztiak birdiseinuak dira.
  • Ukigarritasunaren legea – ideiak ukigarri egiteak komunikazioa errazten du.

"a-ha" momentua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diseinu-prozesuan jarraitu beharreko bidea argi topatzen denean, “a-ha” momentua agertu dela esaten da. Prozesuaren puntu horretan sintesia, analisia, pentsaera dibergentea eta pentsaera konbergentea elkartzen dira soluzio onena lortzeko. Momentu honetara heldu arte prozesua zaila dirudi. Baina behin bide zuzena hartuta, gauzak errazten dira, eta, bukaerako produktua gero eta argiago ikusten da.

Metodoak eta prozesuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

“Metodo” eta “prozesu” terminoak konnotazio berdinarekin erabiltzen diren arren beraien artean diferentzia batzuk daude. Diseinu-metodoek teknikak, arauak eta erregelak erabiltzen dituzte gauzak diziplina bat jarraituz egin daitezen. Design thinking metodoak elkarrizketak, analisiak, prototipoak eta mapa kontzeptualak erabiltzen ditu erreminta gisa.

Design thinking daukan izaera paraleloagatik, aldi berean bide desberdinak garatu daitezke. Arrazoi honengatik, design thinking askotan zalantzazko prozesutzat hartu daiteke, batez ere ingeniaritzan erabiltzen diren prozesuekin alderatzean.

1972.urtean, Kobergek eta Bargnallek The All New Universal Traveller liburua idatzi zuten. Bertan, zazpi pausoz osaturiko diseinu-prozesua azaldu zuten. Zazpi pauso hauek linealak dira, baina, atzera egiteko aukera ematen dute. Urteak aurrera joan ahala beste diseinu-prozesu batzuk sortu dira, How Do You Design: A Compendium of Models [5] liburuak biltzen ditu aipagarrienak. Prozesu guzti hauetan erabiltzailea ikuspuntu desberdinetatik aztertzen da, honi esker interesgarriak diren arlo asko hobeto lantzen dira, esate baterako, produktuaren erabilpenak eta honen arazoak.

Diseinuaren hizkuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normalean, diseinatzaileek hizkuntza bisuala erabiltzen dute komunikatzeko. Gänshirtek eta Kraznyek frogatu dutenez, diseinatzerako orduan marrazkiak, eskalan egindako modeloak eta prototipoak oso erabilgarriak dira. Sinboloak, ikurrak eta metaforak erabiltzen dira “sketch”-etan, marrazketa teknikoaren bitartez kontzeptuak eta ideiak produktu bihurtzeko. Diseinatzaileek komunikatzeko daukaten era berezi honi esker produktuen sorkuntza errazten dute.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Simon, Herbert (1969). The Sciences of the Artificial. Cambridge: MIT Press.
  2. McKim, Robert (1973). Experiences in Visual Thinking. Brooks/Cole Publishing Co.
  3. Rowe, G. Peter (1987). Design Thinking. Cambridge: The MIT Press. ISBN 978-0-262-68067-7.
  4. Buchanan, Richard, "Wicked Problems in Design Thinking," Design Issues, vol. 8, no. 2, Spring 1992.
  5. Dubberly, Hugh. "How Do You Design: A Compendium of Models".

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]